Fikzio espekulatiboak

Lurralde guztietan, gero eta pertsona, talde eta erakunde gehiagok erantzun indibidualak edo kolektiboak ematen ari dira erronken aurrean: ekologikoak, ekonomikoak, kulturalak, sozialak, etab. Erantzuna horiek dira etorkizunaren zirriborro gisa izendatu ditugunak, utopia zehatzak, prototipoak, alternatibak. Marjinalak izan ohi dira, ez oso ikusgarriak, neurri apalekoak.

Gizarte posibleen bozeto horiek, kasu gehienetan etorkizunari buruzko kontakizunak distopiak izan ohi diren mundu batean ematen dira. Etorkizuna beltza eta katastrofikoa aurreikusten duten istorioak dira, biziko ditugun arriskuen aurrean oso adi eta erne ibiltzeko abisua ematen digutenak modu eraginkorrean, baina, aldi berean, mugimendua bera gerarazten dutenak. Etorkizuna iragarritako porrota baldin bada, zertarako denbora eta energia galtzen ibili beste eredu batzuk eraikitzen?

Testuinguru honetan, ezinbestekoa da lurralde bati errotutako egitasmo errealak transmititzeko kanalak abian jartzea. Egiteko modu bat litzateke, esaterako, haien inguruan imaginarioak eta fikzioak sortzea. Horretarako, Zirriborroak eta gero proiektu honen bitartez proposatzen dugu dauden alternatibei buruz fabulatu dezatela egileek, moldatu ditzatela alegia horiek, hori da luzatzen diegun gonbidapena, kontaera espekulatiboak sortu ditzatela, ikusteko urruti-edo geratzen den etorkizun batean zer gertatuko litzatekeen, baldin eta alternatiba horiek hedatuko balira.

Aldaketa hori eman dadin, zirriborroen bilduma bat osatu nahi dugu, ekintza errealen eta imajinatuen gida bat. Lehen bilduma Araban egingo da, hurrengoak beste geografietan barrena egin ahal izango dira.

Zirriborroak eta gero-n, lurralde zehatz batean egun ematen diren alternatiben inbentarioa abiapuntu hartuta, idazle bat gonbidatzen dugu hortik aukeraketa bat egin eta alternatiba hori etorkizunean proiektatzera.