Non

Zirriborroak eta gero AZALAtik sortzen da. AZALA kreazio lanerako espazioa da, Lasierran dago, Araban, Erribera Garaiko udalerrian. 12 biztanle baino ez dituen herrixka txikia da, 649 metrotara dago, eta Gasteiz, Bilbo, Donostia, Errioxa, Valderejo edota Arañako Gatz Haranatik oso gertu dago. Artisten egoitza eta topalekua da. Ikerketa, gogoeta eta sorkuntza dira espazioaren egitasmo nagusiak.  Gorputzarekin, ahotsarekin eta mugimenduarekin lotutako sortzaileak hartzen ditu batez ere.

Gure Artea Saria lortu zuen 2017an, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. 2008an sortu zenetik, elkarlana eta lankidetza bultzatzen ditu, modu oso anitzean, ekosistema bereko eragileekin, eta bere ingurune berean kokatuta dauden jarduerekin gero eta sustraituagoa egon nahi du. Zirriborroak eta gero prozesua horrekin dago konektatuta, eta AZALA hitzaren esanahia azpimarratzen du: larruazala da, azala, gorputza-egiturak babesten dituen kanpoko geruza irekia, eta, aldi berean, kanpoko ingurunearekin komunikatzen dena; badu beste esanahi bat, izan ere, ‘gainazala’ baita, lurzoru edo lurralde baten luze-zabalari dagokiona.